Nasrudin astozaina

Behin batean, bazen errege aberats-aberats bat, bi seme zituena. Errege ona omen zen eta haren erresumako biztanleak zoriontsu bizi ziren. Baina hil egin zen eta erregetza bi semeetariko bati utzi zion. Zeini? Holan utzi zuen idatzita testamentuan: 

- "Nire semeek zaldi-lasterketa bat egingo dute gazteluaren bueltan; azkena heltzen den zaldiaren jabeak irabaziko du erreinua".

Harrigarria!! Herria aho zabalik zegoen, eta lasterketa zeinek irabaziko zuen jakiteko irrikitan ere bai.

Bi semeak laster batean igo ziren bakoitza bere zaldira baina berehala konturatu ziren ez zitzaiela pausu bakarra egiterik komeni... beraz, berriro zalditik jaitsi eta bertan geratu ziren, zain, ea bestea aspertuta abiatzen zen-edo. Egun bat joan zen, eta beste bat... eta hilabete eta herria aspertzen hasi zen... eta inork etzuenez agintzen, gero eta nahaspila handiagoa zegoen, eta auzi hura erabakitzeko gero eta esperantza gutxiago. "Honek ez dauka konponbiderik", pentsatzen zuten gaztelu-zaindariek, eta okinek, eta arotzek...

Seme bati eta besteari proposatu zioten, sikiera bat abiatzeko, eta helmugaraino iristeko, horrela besteak erregetza hartuko zuen, baina batek ere etzuen aukera hura galdu nahi. Eta urte osoa pasatu zen... Erreinua hondamendian zegoen. Inguruko erregeek erresuma hura zatitxotan banatzeko asmoa zuten. Eta hara non agertu zen astozain bat, Nasrudin izenekoa, berak bazekiela nola erabaki kontu hura! Eta nola? Galdetu zioten denek, eta nola? Galdetu zioten bi semeek.

- "Oso erraza da, igo bakoitza bestearen zaldira eta lehenengo iristen denarentzat izango da erreinua, bere zaldia azkena helduko delako"

Esaldia bukatzen ere etzioten utzi. Bi semeak bestearen zaldian igo eta ziztu bizian abiatu ziren. Bat iritsi zen lehenengo eta, bere zaldia azkena heldu zenez, bera izendatu zuten errege...

Zelako tontokeria! Erregea, inor izatekotan, Nasrudin astozainak izan beharko zuen. Ez duzue uste. Nasrudinen, jakina, erresuma hartako azkarrena.

 

Ipuinak

Testuak (Hasierako orria)