Oiloaren banaketa

Aspaldi-aspaldi, familia txiro bat bizi zen. Gabonak ziren eta ezer gutxi zeukaten ahoratzeko. Etxean animalia bakarra zegoen, oiloa. Aitak, oiloa gabon afarirako hiltzea pentsatu zuen eta halaxe egin zuen. Ama etxera itzuli zenean, harrituta geratu zen: 

- "Zer egin duzu, baina? Oiloa zen gure ondasun bakarra!" 

Aitak erantzun zion: 

- "Ba! honengatik ez gara txiroagoak izango..."

Ama, oso argia zen, eta ideia bat bururatu zitzaion

- "Ekatzu oiloa, probetxua aterako diogu..".

Erregearengana jo zuen eta zera esan zion haren bihotza bigunduko zuelakoan. 

- "Bihar Gabon gaua da, jauna, gu oso txiroak gara baina zu on hutsa zarenez, gure ondasun bakarra zeuri ematea pentsatu dugu

Erregek berehala antzeman zuen amarrua: "honek ziria sartu eta opari eder bat nahi du, baina neuk sartuko diot ziria".

- "Eskerrik asko, baina oilo bakarra nire familiakoen artean banatzen badut liskarra besterik ez dut sortuko. Banatu zeuk, nire emazte, bi alaba, bi seme eta neure artean. Eta denok pozik uzten bagaituzu, saria emango dizut. Baina norbaitek bestearen zatia nahi badu, zigortu egingo zaitut".

Amak oiloaren burua ebaki, eta erregeri eman zion: 

- "Jauna zuk gauza asko pentsatu behar duzu, erresumaren burua zara, beraz, burua dagokizu". Gero erreginari: "andrea, zuk zure tronoan eserita, zerbitzariei agintzen diezu: tori zuri dagokizun zatia". Eta ipurdia eman zion. Gero bi hankak ebaki eta printzeei eskeini zizkien: "munduan barrena, bazterrak ezagutzera joatea komeni zaizuenez hankak dira zuentzat atalik egokienak" Eta alabentzat hegoak ebaki zituen: "laster aitaren habia utziko duzue ezkontzeko, eta horixe da beharko duzuena, hegoak... gainerako haragi guztia txiroentzat utziko dugu,...eta ni txiroa naizenez neuretzat hartuko dut...

Erregeri barre eragin zion banaketa hark eta saria eman zion. (jadanik kanpora) Ja, umore oneko errege hura!...Ja, bai zera! eskerrak aldarte onean harrapatu zuela, bestela.......

 

Ipuinak

Testuak (Hasierako orria)