Arrautza frijituak

Behin baserritar bat urruneko senide bat bisitatzera joan zen. Bidaia luzea zen eta bidean gosetu egin zen. Ostatu batean gelditu eta ostalariak bi arrautza frijitu prestatu zizkion. Rausk! jan zituen biak eta berriro abiatu zen bizkor-bizkor. Bidean zihoala zeraz ohartu zen, "ene! ez diot ordaindu bazkaria!!"

Hurrengo urtean, berriro joan zen senidea ikustera. Ostatuaren paretik igaro zenean, sartu eta bertan bazkaldu zuen ostera ere. Ordaintzeko garaia iritsi zenean zera esan zion ostalariari: 

- "Aizu, iaz bi arrautza frijitu utzi nizkizun zorretan, kobraidazu aurtengoa eta iazkoa."

Ostalaria, betoskoa jarrita hasi zen: 

- "Hara! ba, bi arrautza frijitu haiek jan ez bazenitu txita bihurtuko ziren, eta txitak oilo, eta oiloek arrautza gehiago errungo zuten, eta arrautza haietatik oilo gehiago jaioko ziren... beraz, oilategi osoa zor didazu..."

Elkarrekin haserretu eta epaitegira jotzea erabaki zuten. Emazteak lasai egoteko esan zion baserritarrari, berak di-da konponduko zuela auzia, baina epaiketa hasteko orduan emaztea etzen inon ageri. Azkenean, ordu betera-edo agertu zen. Epailea haserre zegoen: 

-"Nolatan etorri zara ordu bete berandu?"

Eta emakumeak 

-"Barkatu jauna, baina soroan ibili naiz jotake patata frijituak nola erein asmatu ezinik".

- "Baina emakumea, nola ereingo dituzu ba frijituriko patatak soroan? Patata frijituek ez dute patata berririk ematen"

- "Ha! Horixe berori!!- erantzun zuen andreak- horretan patatak eta arrautzak berdin-berdinak dira: Arrautza frijituek ere ez dute txitarik ematen".

Eta halaxe, libratu zen baserritarra emaztearen argitasunari esker

 

Ipuinak

Testuak (Hasierako orria)