Zapataria eta sorginak

Behin herrixka batean sorgin talde bat bizi omen zen. Emakumeok zaletasun zantar bat zuten: herritarren sotoetako ardoa edatea. Larunbat gauero biltzen ziren, soto batera joan eta bertan zegoen ardo guztia edaten zuten.

Sorginetako bat zapatariaren emaztea zen eta zapataria susmo txarrak hartuta zegoen.

Zer gertatzen zen jakiteko, larunbat gau batean zapataria zelatan geratu zen. Oheratu eta lasterrera emaztea altxatu eta sukaldera joan zen. Han, laratzetik zintzilik zegoen lapikoan eskuak sartu eta gorputza igurtzi zuen. Hori egin orduko tximiniatik atera zen. Zapatariak gauza bera egin zuen: gorputza igurtzi eta tximiniatik hegan atera. Herriko soto batera iritsi zen. Bere emaztea eta beste sorgin asko zeuden han.

Sorginetako bat Bururagia zirudien eta beste guztiak honen inguruan ibiltzen ziren ardoa edaten eta dantzan.

Zapataria ere dantzan hasi zen. Emakumeek, buruzagiaren ondotik igarotzerakoan, musua ematen zioten ipurdian. Zapatariak lanerako erabiltzen zuen orratza aldean zeraman eta bere txanda iritsi zenean, musua eman beharrean ziztatu egin zuen. Bigarren txanda iritsi zitzaionean, sorgin buruzagiak hitzok esan zizkion:

- "Zu segi aurrera eta ez musurik eman, bizarraz ziztatu egiten nauzu eta".

Dantzan eta musuka aritzen ziren bitartean sorginek ardoa edaten zuten etengabe. Sorginetako batek doministikun egin zuen eta zapatariak "San Blas" erantzun. Bapatean emakume guztiak desagertu egin ziren. Zapataria baino etzen geratu sotoan.

Biharamunean etxeko morroiak ardotan joan zirenean zapataria aurkitu zuten sotoan. Etzen ardo tanta bat ere geratzen eta erru guztia zapatariari leporatu zioten. Egurtzeko puntuan zeudenean zapatariak gertatutako guztia zehatz-mehatz kontatu zien eta morroiek sinestu. Puf! Eskerrak horri!

 

Ipuinak

Testuak (Hasierako orria)

www.komunika.net