|
| Negu gorrian, Reinaldo azeria goseak
amorratzen zegoen batean, arrain saltzaileak igaro ziren bere ingurutik.
Gurdi bete arrain zeramaten. Reinaldori adurra zerion hortz-bitarteetatik
arrain pilo hura ikusita. Ideia bat otu zitzaion bapatean: bidearen erdian
etzan eta hil itxura egitea.
Arrain saltzaileek ikusi zutenean, hilda zegoela pentsatu: "Larru ederra dauka! Erraz salduko dugu.... eup!"; eta gurdira bota zuten. Reinaldo, arrain artean, Pepe baino pozago. Hark egin zuen betekada! Baina han arrain asko zegoen, semealabak ere asetzeko adina. Arrain pilo bat soka batez lotu eta gurditik jaitsi zen. Arrain saltzaileak etziren ezertaz ohartu. Urruti zeudenean, Reinaldo oihuka hasi zitzaien:
Arrain saltzaileak azeriaren atzetik abiatu ziren. Harrapatu izan balute jota akabatu egingo zuten. Amorratuta zeuden. Baina azeri "azkarra"k atzean utzi zituen berehala eta egun hartan azeriaren familiak bapo jan zuen. Arrain errearen usainak erakarrita otsoa agertu zen azeriaren etxean. Azeriak arrainak nola lortu zituen kontatu zion eta otsoak, burua berotuta, gauza bera egitea erabaki zuen. Biharamunean otsoa bide erdian etzan zen arrain saltzaileen zain. Saltzaileak agertu zirenean otsoa ikusi, gurdia gelditu eta... Zer uste duzue gertatu zela? Otsoak ziria sartu ziela? Bai zera! Berehala igarri zuten otsoaren asmoa eta... hark hartu zituen makilakadak...
|