Atlante eta urrezko sagarrak

Duela urte asko Greziako errege-erreginak haurtxo baten zain zeuden. Haurra iritsi zenean eta mutikoa barik neskatoa zela jakin zuenean, erregeak umea basora eraman eta bertan uzteko agindua eman zuen.

Hartz eme batek aurkitu eta hazi zuen neskatoa. Nagusitu zenean basatia zen goitik behera: hartzaren esnea edanda ikaragarri indartu zen eta arineketan gazelen pare egiten zuen.

Behin batean ehiztari batzuek mendian harrapatu eta gizakien artera ekarri zuten berriro neska basatia. Ehiztariek Atlante izena jarri zioten. Inork uste baino azkarrago ikasi zuen geziak jaurtitzen eta ehizan. Gizon askok egin zion ezkontzeko proposamena, baina Atlantek guztiei uko. Berak askatasuna maite zuen.

- "Arineketan ni baino gehiago denarekin ezkonduko naiz", 

esan zuen neskak, bazekielako edonor atzean uzteko gai zela. Gertatu ere horrela gertatzen zen: Atlantek irabazten zuen beti.

Ehiztarien artetik bat Hipolito zen, gizon ausarta. Atlanterekin lehiatzea erabaki zuen. Baina lehenago aholkua eskatu zion Afroditari, hau da, maitasunaren jainkosari.

- "Jarri urrezko hiru sagar bidean eta irabaztea lortuko duzu" esan zion Afroditak.

Hasi ziren korrika eta Atlante aurretik. Lehenengo sagarra lurrean agertu eta, ttak, Atlante gelditu. Hipolitok aurrea hartu. Basoan hazitako neska berriro abiatu zen eta Hipolito atzean utzi zuen. Baina ustekabean bigarren sagarra agertu zen bidean. Atlante oraingoan ere gelditu. Hipolito aurrera. Hirugarrenean beste horrenbeste gertatu zen: Atlante berriro abiatu, aurrea hartu, urrezko sagarra aurkitu, bertan gelditu eta azkenean Hipolitok irabazi zuen lasterketa.

Atlantek hitza bete zuen eta, gogo barik baina, Hipolitorekin ezkondu zen. Lasai, ez da amaitu.

Hipolitori, ahaztu egin zitzaion Afroditari eskerrak ematea eta Afroditak zigortu egin zuen: Hipolito hartz bihurtu zuen.

Holan bai. Atlante pozik. Ordutik aurrera Atlante eta Hipolito zoriontsu bizi izan ziren.....eta dena...... Afroditari esker, hau da, maitasunaren jainkosari esker.

 

Ipuinak

Testuak (Hasierako orria)

www.komunika.net