Atsoa eta petrikiloa

Gomuta eztudan herri batean atso zahar-zahar bat bizi zen. Jakingo duzuenez urte asko hartzeak ondorio txarrak dakartza ezinbestean eta atso hark ikusmena ia galduta zeukan. Kontua da aurrekorik ere etzuela ikusten. Metro batera......zerbait zegoela bai....... baina ezin zituen behia eta zaldia bereiztu. Arazo horrekin kezkatuta petrikilo ospetsu batengana joan zen.

Petrikiloak goitik eta behetik begiratu ondoren, osatuko zuela agindu zion. Baldintza bakarra bete beharko zuen atsoak: tratamentuak zirauen artean begiak itxita eduki beharko zituen. Bost axola berari. Atsoak pozik onartu zuen sasi-medikuaren proposamena.

Hitzartutako eguna iritsi zenean, petrikiloak edabe miragarria prestatu zuen eta atso itsuak edan. Atsoa begiak itxita geratu zen aulki batean eserita. Bien bitartean petrikilo maltzurrak atsoaren etxeko koadroak, bitxiak, altzariak eta alfonbrak ohostu zitiuen. Ondo entzun duzue bai: Ebatsi, lapurtu! Etxea hustu zuen, balioko gauza guztiek hegaz egin balute bezala.

Ordu batzuren buruan atsoak begiak ireki eta, bai, ikusmena berreskuratu zuen: ederki ikusten zuen petrikiloa, bere aurrean, patxada ederrean eserita.

- "Tira, sendatuta zaude, honenbeste diru zor didazu". Esan zion pretikiloak.

Atsoa, ordea, builaka hasi zitzaion:

- "Nik zuri ordaindu? Ezta txanpon bat ere. Ordaindu beharrean, epaitegira eramango zaitut, lapurra halakoa. Ez, ez dizut ordainduko ez nauzulako osatu. Are gehiago, nire gaitzak okerrera egin du. Lehen etxeko altzariak, koadroak, bitxiak eta alfonbrak primeran ikusten nituen; orain, ordea, ezin ditut ikusi".

Holan geratu zen kontua. Atsoak ez zion ordaindu petrikiloari, eta petrikiloa, halere, pozik.

 

Ipuinak

Testuak (Hasierako orria)

www.komunika.net