Zuhurra eta izarrak

Bazen behin gizon aberats bat. Oso aberatsa. Eta zuhurra, aberatsa bezain zuhurra, zekena. Esku zabala izatea zer zen ere etzekien hark. Diru guztia giltzapean gordetzen zuen.

Behin batean lagun bat joan zitzaion diru eske: 

- "Aizu, premia larrian nago eta...... utzidazu diru apur bat,mesedez. Ahal bezain laster itzuliko dizut".

Laguna zen eta aberatsak ezin ezetzik esan. Hala ere baldintza bat jarri zion:

- "Dirua utziko dizut....... gau osoa egoten bazara dorrean biluzik".

Negua zen eta haize fina zebilen. Hala ta guztiz ere lagunak onartu egin zuen. Dirua behar zuen.

Gizajoa! Ia bertan gelditu zen, baina tira, froga gainditu zuen. Biharamunean diruaren bila joan zen.

- "Zer moduz?", galdetu zion aberatsak.

- "Uff! Oso gogorra izan da. Ezin izan dut batere lorik egin. Ia-ia izar guztiak zenbatzeko aukera izan dut".

- "Nola? Izarratu egon da? Orduan izarren berotan egon zara. Ziria sartu didazu. Gure itunak eztu balio. Ez dizut dirurik utziko".

Hurrengo egunean lagunak aberatsa bazkaltzera gonbidatu zuen. Hark hartu zuen poza! Bazkaria dohainik. Orain ere dirua aurreratzeko bidea... Baina mahaian eseri eta platerak hutsik.

-"Banoa ea arkumea prest dagoen ikustera.",

esan zuen lagunak eta sukaldera abiatu zen. Aberatsa atzetik segika. Sukaldean zer aurkituko eta arkumea burduntzian bai, baina beheko sutatik urrun.

- "Aizu, arkumea sutan jartzen ez baduzu jai dago! Burduntzian jartzea ez da nahikoa!", bota zuen gizon zuhurrak.

- "Zer diozu?" -galdetu zion lagunak- "Izarrek, hain urrun egonda ere, berotu banaute, zergatik eztu ba su hark arkume hau erreko?"

Gizon zuhurra mutu geratu zen.

 

Ipuinak

Testuak (Hasierako orria)

www.komunika.net