Amaordearen ezin ikusia

Bazen behin andre tabernari eder bat. Ostatura joaten ziren guztiak txundita uzten zituen: "Ze ederra!".Eta bera harro. Huraxe txarrena, harro xamarra zela.

Alarguna zen eta alabaorde bat zuen. Alabaordea nagusitu zenean tabernaria bera baino ederragoa egin zen. Hori zela eta, amaordeak gorroto zuen.

Liburu bat eskatu zion sorgin bati. Liburu sorgindua. Nolakoa bestela? Liburu hura zabaltzen zuena lurrak irentsi egingo zuen. Alargunak alabaordeari oparitu zion eta, txiu, gaztea desagertu egin zen. Lurrak irentsi zuen, bai. Baina, lasai, ez zen hil.

Lur azpiko pasabideetan zehar koba batera iritsi zen neska. Haitzulo hura lapurren gordelekua zen. Lapurrak etziren gaizto gaiztoak izango ze, inongo bihurrikeriarik egin gabe, etxean onartu zuten neska gaztea. Berak etxeko lanak egiten zituen lapurrak kanpoan lanean ari ziren bitartean.

Alargunak laster jakin zuen alabaordea koban bizi zela eta hara joan zen atso saltzailearen mozorroa jantzita Oinetako sorgindu batzuk zeramatzan aldean.

- "Begira, neskato, begira ze zapata ederrak"

- "Oh, bai, ze politak. Ea nire neurrikoak diren."

Gazteak oinetako dotoreak jantzi eta hildakoaren traza hartu zuen. Lasai! hildakoaren traza, itxura, esan dut.

Lapurrak etxera itzuli zirenean eta neska egoera triste hartan ikusi zutenean, kristalezko kutxa batean sartu eta basora eraman zuten lurperatu baino lehen.

Kasualitatez, erregearen semea baso hartan zebilen ehizan eta kristalezko kutxarekin egin zuen topo. 

- "Oh, ze neska ederra! Ea! Zuek! Eraman ezazue kutxa gaztelura"

Gazteluko egongela nagusian jarri zuten. Zerbitzari batek neskaren zapatei erreparatu zien, politak iruditu eta di-da kendu egin zizkion. Orduan neska berpiztu egin zen. 

- "Oh, zer gertatu da? Non nago? Ohhh, ze mutil ederra" Mutil eder hori printzea zen, jakina.

Berehala maitemindu ziren. Eta egun gutxiren buruan ezkondu egin ziren.

 

Ipuinak

Testuak (Hasierako orria)

www.komunika.net