Zazpi Untxi zuri

Sekula Santaren garaian printzesa eder bat lorategian josten ari zen. Bapatean, zazpi untxi zuri hurbildu eta inguruan jarri zitzaizkion. Ustekabe hura zela eta, titarea erori zitzaion. Untxietariko batek titarea ahoan hartu eta eraman zuen.

Biharamunean ere agertu egin ziren untxiak. Oraingoan zintatxo bat kendu zioten.

Zazpi egunetan gertatu zen gauza beretsua. Artaziak, jostorratzak, haria....... azkenerako josteko tresna guztiak kendu zizkioten eta printzesari tristura sartu zitzaion bihotzean. Etzuen ezer jaten eta aurpegia izotzaren kolorekoa jarri zitzaion, zurbil-zurbila. Medikuek etzekiten printzesa nola osatu eta azkenean bere aitak, erregeak, lau haizetara egin zuen dei: 

- "Printzesa sendatzen duenarentzat sari aparta! Nahi adina diru edo printzesarekin berarekin ezkontzeko aukera". 

Hori entzunda jende asko azaldu zen gaztelura.

Gaztelurako bidean andre alargun batek kobatxo bat ikusi zuen. Barrura sartu eta zazpi untxi aurkitu zituen bertan. Halako batean larruak erantzi zituzten zazpiek eta ezetz jakin zer gertatu zen? Printze bilakatu ziren zazpiak. Denak ederrak eta denak printzesari kendutako gauzei begira, hasperenka: 

- "Ah, printzesaren titarea, ze ederra...... printzesa" batek. "Ah, printzesaren zintatxoa, ze ederra.....printzesa" beste batek. Eta holan denak.

Alargunak gaztelurako bideari jarraitu zion eta, ibilaldi luzearen ondoren, printzesaren aurrera iritsi zen. Untxien berri eman zionean, bihotza taupaka hasi zitzaion printzesari eta katilu bete salda eskatu zuen. "Azkar, azkar ekarri salda beroa nire alabarentzat" Erregea kabitu ezinik zegoen pozaren pozez.

Alargunak kobara eraman zuen printzesa. Haitzuloan zazpi untxiak ikusi zituzten. Oraingoan ere, larruak kentzeaz bat, printze bilakatu ziren. "Non ote dago printzesa ederra?" zioten zazpiek. "Hemen nago" erantzun zuen orduan printzesak eta zazpietatik jatorrena aukeratu zuen senargai.

Hortik aurrerakoa badakizue: eskontza, zoriontasuna, eper jana...... betikoa.

 

Ipuinak

Testuak (Hasierako orria)

www.komunika.net