Ijitoa eta zurgina
Udaberriko eguzkitan han zebilen zurgina, aroztegiaren atarian, zerrarekin atzera eta aurrera, rri-rra, rri-rra, egurrak mozten. Mahai azpian ardi txakur iletsu bat zegoen lo. Bekokian behera ere txima luzeak zituen. Aurrean zeukana ikusiko ote zuen txakur hark?

Ijito bat pasatu zen aroztegiaren aurretik eta galdera hau egin zion lanean zebilen gizonari:

- "Jauna, moztuko al diot ilea txakurrari?"

Zurgina oso lanpetuta zegoen eta burua altxatu gabe erantzun zion: "zeuk erabaki". "Niri bost axola" erantzun balio ere antzera.

Ijitoak ezetzik entzun etzuenean, di-da hasi zen txakurra mozten. Guraizeei gora eta behera eragiten zien; Klis-klas, klis-klas, eta konturatu orduko itxura txukuna eman zion txakurrari. Lana nahiko aurreratuta zeukanean, galdera egin zion zurginari:

- "Jauna? Patilak aterako dizkiot?"

- "Egin nahi duzuna".

Eta berriro ere ijitoak: 

- "Buztanean ile matazatxo bat utziko diot?",

- "Utziozu..".

Lana bukatu zuenean ijitoa oso harro zegoen. Ez zen gutxiagorako! Hartza zirudien txakurrari sahietsak ikusten zitzaizkion orain. Hala eta guztiz ere dotore zegoen.

- "Jauna, zer iruditzen zaizu? Itxura aldaketa ederra, ezta?"

- "Bai, lan ona egin duzu. Ilea moztu beharra zeukan txakurrak, bai horixe!."

- "Eskerrik asko jauna... zuk bai badakizu ondo egindako lana estimatzen".

Ijitoak guraizeak garbitu eta gorde egin zituen eta, zurginak diruaz ezer esaten etzuenez, berak aipatu zion: 

- "Lan txukunak bere ordaina izan beharko luke, ezta?"

Zurginak zerrarekin jarraitzen zuen, baina horri erantzuteko, burua jaso egin zuen. 

-"Ordaina? Nola ordainduko dizut ba? Txakur hau ezta nirea eta..."

Ijitoa txistua irentsi ezinik geratu zen.

 

Ipuinak

Testuak (Hasierako orria)

www.komunika.net