Zapatari txiroa
Behin batean jauregi eder batean andra-gizon aberatsak bizi ziren. Nahi adina diru zuten eta, harrigarria bada ere, eskuzabalak ziren. Baina etziren zoriontsuak.

Aurrez-aurre familia txiro bat bizi zen txabola batean. Aita zapataria zen eta amak zazpi seme-alaben ardura zuen, zazpi! Biek ere gogotik egiten zuten lan. Beharko egin! Hala ere etxe hartan oso giro zoriontsuan bizi ziren.

Bikote aberatsa, ordea, beti kopetilun. Haurrik gabe eta beti elkarrekin teman. Ņa-ņa-ņa-ņa. Pi-pi-pi-pi.

Eztabaidak eztabaida, bihotz onekoak ziren eta behin senarrak proposamen hau egin zion emazteari:

- "Zapatariaren familiari lagundu beharko genioke".

- "Bai, nik Larrazabaleko jauregia emango nieke", erantzun emazteak.

-"Bizkerreko soroen errentak ere beraientzat", senarrak.

Zapatariari proposatu ziotenean, honek onartu egin zuen oparia eta behin eta berriro eman zizkien eskerrak.

Zapatariaren familiak hurrengo egunean bertan aldatu zuen bizitokia eta zapatariak agur esan zion bere bizibideari, ez baitzuen lan egiteko premiarik. Gauean bapo afaldu eta denak pozik. Afalostean aitak oharra: 

-"Haurrok, ondo itxi leihoaki! Bestela lapurrak bisitan izango ditugu eta".

Haurrek primeran egin zuten lo ohe bigunetan, baina gurasoak edozein zaratatxo entzunda urduri jartzen ziren. "Ea lapurrak datozen".

Hurrengo egunean gauza bera eta hurrengoan ere antzera: "Haurrok, ez aterik zabalik utzi!", "Haurrok, ez edonori etxean sartzen utzi"...

- "Hau ezta bizimodua!", esan zuen zapatariak. "Beti lapurren beldur! Hartu maletok eta goazen! Nik zapatari lana egiten jarraitu nahi dut"

- "Bai. Diruok itzuli eta bake santua!", erantzun zion emazteak. "Gu ezkara aberatsen bizimodura egokitzen".

Egun hartatik aurrera gauzek beti bezala jarraitu zuten. Aberatsak kopetilun eta txiroak pozik.

 

Ipuinak

Testuak (Hasierako orria)

www.komunika.net