KUKUAREN GANDORRA

A ntzina kukuak oso gandor dotorea zuen, halako ile mataza harro-harro bat buru gainean.

Behin basoilarra joan zitzaion bisitan. Bisitan... edo... eskean.

-“Hi, hau eta zera eta bestea”, zeharka hitzegiten hasi zen eta azkenean... “aizu, ezkontza batera joan behar dut eta... utziko al didazu zure gandorra?”. Eta kuku esku zabalak utzi egin zion.

Ospakizunera agertu zenean, ezkon-berriei baino arreta handiagoa eskaini zioten basoilarrari. “Oooh!”, “aaah”, gonbidatu guztiek egiten zuten asperen. Oilar arrunt batek kukurruku luzea eginda goraipatu zuen haren edertasuna.

Gonbidatu guztiak zeuden jakin minez. Azkenean batek egin zion galdera:

- Nork utzi dizu gandorra? ”.

- Utzi? Salomon erregeak oparitu dit, eman dizkiodan aholkuen truke .

- “ Oooh! Salomon Errege jakintsuari aholkuak eman! Aaah!  ze jakintsua bera! eta ederra, ze ederra bera! ” .

Denak aho zabalik utzi zituen. Hark hartu zuen ospea! Eta bera pozik, jakina. Harro harro zebilen.

Basoilar harroputza, basoilar gezurtia, basoilar lapurra! Lapurra, bai.

Kukuak gandorra itzultzeko eskatu zionean -gaixoak burua hotzituta zeukan- ez zion ba erantzun:

-“Hotzak bazaude jantzi txano bat. Niri bost axola”.

Kuku gizajoari begiak puztu zitzaizkion negarrari eutsi ezinik. Oso triste bizi da harrezkero; bere kantua entzutea baino ez dago. Jendeak uste du ku-ku, ku-ku esaten duela, baina oker dago. Badakizue zer esaten duen? Pu-pu, pu-pu... kukua oso minduta dagoelako.

 

Ipuinak

Testuak (Hasierako orria)

www.komunika.net