ELEFANTEA, ERBIA ETA BI SAGUAK

E rbia, egun hartan, munduko animaliarik zoriontsuena zen. Bere ohean zegoen etzanda, lo, amets ederrak egiten: “a ze belar, a ze azenario gozoak!...” eta batbatean... kata-kraus! Telaitua behera etorri zitzaion! Kanpora irten eta... Elefante bat etxearen gainean eserita!

-“Altxa hortik berehala mutur luze hori. Barrika baten antzekoa zara, hipopotamoa zure aldean euli bat da”.

(Elefante kankailua haserretu egin zen. Jakina! Nor ez!)

-“Teman jarraitzen baduzu, zure gainean eseriko naiz”.

Eztabaidan jarraitu zuten; elefanteak marruka eta erbiak hortzak erakusten. Ondoko zuhaitzean mozolo bat zegoen, lo egin nahian baina zarata haiekin ezin.

-“Zer? Ez duzue amaitzeko asmorik ala? Egin duelu bat eta kitto!”.

-“Duelu bat? Burruka! Bai, prest nago!”. Elefanteari mozoloaren proposamena asko gustatu zitzaion, indartsuagoa zelako. Baina erbia eere ez zen ikaratu. “Ni ere prest!”.

Elefanteak egin zuen lehenengo erasoa. Aurreko ankak jaso eta...plafff!  lurra dardarka jarri zuen, baina ez zuen erbia azpian harrapatzerik lortu.

Batbaten erbiak, ttaka, sagu txiki txiki bat jarri zion sudurrean elefanteari. Elefanteak, izututa, burua jiratu zuen. Tigreak eta errinozeroak ez dute elefantea beldurtuko, baina sagutxo batek horman gora jar dezake.

Ttaka berriro. Beste sagu bat jaurti zion eta animaliatxoa, txiuu, elefantearen belarrian sartu zen. Egundokoa! Elefantea nora ezean abiatu zen, erotuta , tipirri taparra, baldar..... Uluka zihoan, ura irakina bota baliote bezela.

Hura ikusita sabanako animalia guztiek erbia zoriondu zuten, baita mozoloak ere: “Ondo egina mutiko!”.

Izan ere guztioi gustatzen zaigu ikustea txikienek, batzutan, handienak menperatu ahal dituztela.

 

Ipuinak

Testuak (Hasierako orria)

www.komunika.net