Arroltze ohoina, Jean Etxeberri
Egan, 3/4-1986

 

ARROLTZE OHOINA

 

(par M. l'Abbé Jean Etcheverri, Aumonier du Couvent des Filies de la Croix á Uztaritz. Chanoine Honoraire décédé... 6 Oct. 1948).

 

 

OSTALERSA: Janeta, miatu ditutzu goizean oillo kafiak?

JANETA: Bai, etxeko andrea, bainan badu ya hamabortz egun ez dudala arroltzerik hatxemaiten.

OSTALERSA: Bitxi zaut hargatik, orai arte, ene oiluak erroile onak ziren, eta orai batere ez arroltzerik; Hemen bada zerbait jukotria. Bizkitartean neronek zerratzen dut oillategia: ongi gakoturik uzten dut, zerbait debrukeria bada hor, nundik heldu baitare. Gau da, heldu gaut ideia bat; Janeta, zohaz Mendigorrirat, hango artzaitsa xaharrak omen du sorgin edo azti aire bat erran behar diozu othoi phasa dadin hemen arthaldiarekin dohalarik, behar dudala mintzatu.

JANETA: Jesus! etxeko andrea zuk re baduzu holako izpirituko flakotasuna? Bizkitartean jaun errotorak predikatu dauzu aurthen behin ez dela holakoetan izan behar sinhesteririk.

OSTALERSA: Asa, gero, Janeta, egiten zure egitekoa eta ez niri eskolarik eman. Pagatzen zaitut ene manuen egiteko. Zohaz larstersko ene erranaren egiterat.

JANETA: (Dohalarik) Alfer da horri deusen erraitea ez duaditzen bere burua baizik; balinba atso zehar, zango makhur, sudur zikin, hortz handi, motho luze; sorgin delako harrek ederki pagaraziko ahal dio... surginkeria; merexi du segur. (Aurreratzen da Mariunekin) Etxeko andrea, huna Mariun, jakiterat ethorri da hea zer plazer duzun.

OSTALERSA: Ah! hor zare beraz Marion. Sar zaite, gaixoa, sar zaite, behar nauzu pena handi batetik athera posible bazaut.

MARION: Nik dezaketan guzia, hain ongi pagatzen ditutzu zerbitzu guziak, ez balitz ere bertzerik, baizen, zure kafe ona ondoko ttottarekin, nor ez litake lehia zuri zerbitzu ttipi bat egiterat. Beraz, zer da zure zerbitzuko?

OSTALERSA: Oh! pena handi batean naiz! segurki beharrez galdetu zaitut; khondatuko dautzut ene istorioa, kafia hartzen dugularik eta kafe ona dakizun bekala. Janeta, ekharratzu laster bi kafe presa eta badakigu zu ematen dut bertzkalde?

JANETA: Zer, haskarot olioa?

OSTALERSA: Preseski, eta nik ere behar dut ttottatto bat, izpirituaren ernarazteko, bertzenaz tonto nindake gauzen erraiteko. (hemen neskatoak zerbitkatzeko diote kafia, aguardienta eta hartzen dute biek buruz buru goxoki. Finitu dutenenean) Allo, orai adizazu, ene istorioa: badut oilo tropa bat, orai artean, erroiten zautatean nahi nuen arroltzea. Bainan badu hogoi bat egun ene oillo kafiak bethi hutsak aurkhitzen dithuala. Neure ustez hartzen ditut prekozione guziak: oillategiko gakua bethi sakelan dabilat. Oilluek badute xilotto bat heinekoa kafialat yuaiteko; ongi baztatzen ditut, goizetan kantu franko egiten dute, bainan arroltzerik batere. Bada edo ebasten nauzkite eta ez diot konpreni nola ez nork, edo bada zerbait sorgingeria affera hortan. Orai beraz, Marion, pentsatzen ahal duzu zertarat ekharrarazi kaidudan; badakit baditutzula bertzeak ez bekalako abileziak eta phodereak, egin behar dautazu fagorea ene arroltze ohoinaren atzemaiteko. Satifatuko zaitut segur, sinhesten

MARION: (Irri karkaila batekin) Ah! ah! ah!... beraz etxeko andrea, nahi badut eta ez badut, zuretzat sorgigna behar niz. Badakizu bada zenbat aldiz holako zerbitzuak galdegin dauztazun eta bethi errefusatu dautzudala, bainan oraikoan entseatu nahi nauzu ohoineren hetxematerat. Hargatik hitz eman behar nauzu ez dugula nihori deusik aiphatuko, guziz ene etxeko andreari, bertzenaz deusik aiphatuko, guziz ene etxeko andreari, bertenez sekulakotz galdua nindeke; bertzeak bertze, gure madama arras debota baita, firrintan etxetik khasa nintzake, balaki sorginkerietan hari naizela eta gero nik nun edo nola behar nuke bizi.

OSTALERSA: Zaude trankil, Marion gaixoa; segretua begiratuko dut lehialki; ene hitzari fida zaite.

MARION: Lehenik behar naiz mintkatu ni baino abilago batekin; buelta baten buruan jinen niz zuri erraitera zer egin behar duzun; ezin beharko dithuzu egin nik erran guziak eta xuxen. Sarri artio.

OSTALERSA: Zer ikhusi behar othe dugu! orai duda gabe bertze sorgin zahar zenbaitekin konseiles atxiki behar du ez bada segurik zenbat debruekin mintkatzen.

JANETA: Eta errazu atheko andrea, nahi zinuke onik ere, debruaren ganik?

OSTALERSA: Emazu zure lanari elhe untzia, zer behar duzu ene afferetarik. Jainko edo debru, nik arroltzeak behar tut.

JANETA: Bon, bon! nik ez dut deus beharrik balinba zue moltsak pekhatuko ditu.

MARION: Hemen niz bada, ni ene hitzean.

OSTALERSA: Ongi, ongi Marion! hea beraz zer dugun egiteko?

MARION: Sarri ilhuntzean emanen duzu oillategiko borthan xirigo bat phisturik, bortz liberako bat haren ondoan, gakoa borthan utziko duzu hamar orenetaraino; gero khenduko duzu nahi baduzu; bainan etzi goiz artean ez duzu hango arroltzerik unkituko. Egin gero, nik erran guziak xuxen eta orai banoa ene ardietarat. Agur (badoha trinkulin-trinkulin).

OSTALERSA: Ayi! Ayei! harritzen naiz. Zer ifernuko zeremonia egin behar othe duen hor.

        Ah! goizik ikhusi behar dugu zerbait.

        (Atheratzen dire Janeta eta biak).

        (Hor heldu da neskatxa bat erruma gisa bestitua).

LUXINA: Atx! ... ofizio itxusi bathi lothu naiz, bainan nor egonen da ikhusi eta tratua zer polliki dohan. Orai, ikhusten dut axeri xaharra bezain abil naizela. Hain goxoki eta errexki ene sakela bethetzen da sosez; balaki Ostalersa gaizoak bere arroltzeak saltzen dazkotala. Uste du bada abila dela; gakho du oillategia, bainan nik ere badut gakhoa, (gakhoari musu) gako maitea, hain justoki dohana; ez nioke sal hamar luisetan. Laster baduket beztimenda eder baten saria, orduan juanen niz ederki dantzatzerat, Angelurat edo Kanborat; ene herri huntan uste dute prestua naizela; hortan ere behar naiz axeri abil izan ete ene jokoaren hobeki gordetzero, ez dut ene burua Kongregazionetik khasarazi behar. Konzienziak zenbait hausiki egiten nauzki, egia da, phou balinba! Konfesatuko naiz hil baino lehen; presentsian hain goxo da lanian lehertu gabe bertzen gostuz bizitzea... Ah, bainan tenorea badoha. Ostalersa goizetik kafearen egiten hari da; badakit ez dela atherako exetik bere ondoko ttotta hartu gabe, bainan gero laster (eginen du oillategirat) Ago istant bat, ez ditun ez, mintzatuko aintzinduko nitzaun. (Altheratzen da). (Itzuli bat egineta turnatzen da eskueri joka ari dela). Oh! oh! hauxe da fortuna! sekulan baino gehiago fortuna egin dut baditut bi dotzena; banahoa bezitzerat merkaturat abaitzeko. Bainan lehenik josatu behar naiz hemen gaindi phasatuko naiz; segur naiz egun ere gaizo horrek bere arroltzeak erosiko dituela.

OSTALERSA: (Desolatua, otharre handi bat besotik, buruari joka) Oh! Oh! hau da lastima; ez naiz gaski hatxemana; nihau juan ni zoillategira otharrea harturik, ez nuen dudatzen aspaldiko orde iganen nuela exegina arroltze errekolta eder baten biltzeko.

JANETA: Zer duzu etxeko andrea, guzia asaldatua zare ez duzu naski uste zinduen fortuna egin zure sorginekin.

OSTALERSA: Othoi ez nezazula gehiago khexaraz, aski khexu bainaz hola ere, Arzaintza zahar, zango makhurra, hanbertze hitzeman zautan eta ez dut arroltze bakhar bat hatzeman oraino ere. Bertzeak bertze, oillasko bat hila hatzeman dut. Oillaskoa, paso; lehenbiziko pratikari janaraziko diot errerik; ez dut hortik kalterik; bainan arroltzeak, arroltzeak! ... Den bezalako falxu tzarra, hipokrita, haugi berriz ene bistarat! erakutsiko diot nik, zer den hola yendez trufatzea! Ohoin zango makhurra, ez dauzkit oraino ederki hatxeman, eta kafea eta aguardienta eta bortz liberakoa! Itsusi tzar den bezalakoa! ...

M.ª MENDIGORRI: Zer da furia hori, andre Ostalersa; zer! eneizat ditutzu ahopaldi pollit horiek? Uste nuen adiskide on bat zinduala, emazte odol ezti eta bihotz on bat zinela. Ez nuen guxiz phensatzen mihi gaixtoa zinduela.

OSTALERSA: Oi zerua! zer madama, zu zintudan hor, harritua naiz; bainan othoi sinhexazu ez nintzela zure kontra mintzo, sobra ohoratzen eta estimatzen gaitut, madama; zure zerbitzari humila naiz, madama; zure artzaintzarantza nintean orai ongi hagin gaixtoan. Judasek bezala enganatu bainau.

M.ª MENDIGORRI: Ho! Ho! ene artkaintzarentzat ere ez kaizkit sobrarik eder ahopaldi horiek; horra zer den kolera. Emasteki batek behar du yakin bere buruaz nausi iraitea; norbait bere koleraz ez denean nausitua ez du gehiago arrozoinatzen, bainan erraiten dire behar direnak eta behar ez direnak ere. Guzien buru jakin behar dut zer duzun gure Marionen kontrat; ez zaut iduritzen kapable dela nihori hoben handirik egitea. Hea! mintza kaizkit odol hotzean eta arrozoina adituz.

OSTALERSA: (Humilki) Ez dut, ez dut handirik haren kontra ere.

M.ª MENDIGORRI: Hox, hox! yakin behar dut zer den; deusik izan ez bazindu, ez zinduen horrenbertze mihi kolpe emanen harrentzat.

OSTALERSA: Bainan, madama, asarretuko zaizkit ene istoria aditueta, tronpatu haiz; bai naski, eta segur ere, tronpatu naiz; ori deusik ez da, ez du balio erratea.

M.ª MENDIGORRI: Horra, horra batean sobera, bertzean ez aski. Oraiartean behar baino gehiago erraiten; orai nik galdegiten dautzudana erran beharra, ez duzu erran nahi; iduri du Jainkoaz baino beldurrago zarela enetaz. Hox, fite erran niri zer diren gure errengurak Marionen kontra, gero, nik eginen baitut behar dena.

OSTALERSA: Ori, hola hertsatzen nauzunaz geroz, erranen dautzut bada, zer izanen baita gero ere, behardut ene estomaka hustu.

        Badut oillo hainitz, madama; orai arte erroiten zautaten nasai ez nuen arroltze erosterik; bainan hogoi bat egun hontan ene arroltze guziak galtzen tut eta ez dakit nola. Zure artzaintza xaharra erakharri dut hunat, eta othoiztu dut lagun nezan ahal balu ene ohianaren hatzemaiten, hitz eman daut eta araiz ene hobeki ttuttulatzeko, bi oren segurik phasatu ditu ene oillategiko borthan. Xirigo bat benedikatua erre daut. Kafea eta aguardienta zintzurraren pherekatzeko eman dazkot, bortz liberakoa khendu daut; ez nuen dudarik milagruak ikhusi behar gintuela, bainan hark erran tenore berberean juan naiz kafien miatzerat egundaino bezala ene arroltze guziak galduak.

JANETA: Bai, eta bertzalde oillas...

OSTALERSA: Ixo, ixilik, mihi luzea! ... Orduan, osoki hasarretu naiz eta hatxeman nauzu ene lethanietan hari nintzela. Bainan othoi, madama, erran behar diozu sorgin zahar harri, bihur dekan ene bortz liberakoa eta paga detzan milikatu tuen kafea eta aguardianta eta erre duen xirigoa.

M.ª MENDIGORRY: Horra beraz zer zindaukan golkoan; bada, gauza horiek astiz behar tugu argitu. Orai yakinzazu mezatik heldu naizela, goiz yaikia, barura eta gosea naizela.

OSTALERSA: Axegin handi bat da enetzat, madama, zu bezalako andre baten gosalarazterat. Zer hartuko duzu, madama, aski duzu galdegitea, ez da deus eskas izanen zuretzat etxe huntan. Nahuzu kafea? badut hobenetik.

M.ª MENDIGORRY: Ez duzu bertzerik?

OSTALERSA: Zaude, madama ... nahuzu ogi freskoarekin Malaga? badut egiazkoa eta ona Pariseko marxant abilenak egina.

M.ª MENDIGORRY: A, ah ah! ederra da hori, uste nuen Malaga, Espainiako arno on bat zela.

OSTALERSA: Eta zer da bada, madama, Espainiako arnoa baizik?

M.ª MENDIGORRY: Eta Pariseko marxantak egina? zozua, zertako erraiten duzu bederen?

OSTALERSA: (Burua aphaldurik) Barkha zadazu, madama, uste gabean erran dut.

M.ª MENDIGORRY: Horra beraz zer konfienzia merexi duten zure goxokeriek.

OSTALERSA: Ori, madama, badut oillasko bat ederra; hura erreko kuxian, nahi bauzu.

JANETA: Bainan etxeko andrea, ez dakizu...

OSTALERSA: Zaude ixilik, salserua, zuk behauzu gure artean sartu? Zohaz zure lanetarat.

JANETA: (Dohalarik eskuaz meatxaturik). Ah! zer putikoa zu! othe da zu baino sorgin gaixtoagorik?

M.ª MENDIGORRY: Zer dio neskato horrek?

OSTALERSA: Bego, madama, zozoa da erdia, ez daki zer derasan erreko dut oillaskoa, madama.

M.ª MENDIGORRY: Ori, guziak baino errexago litake, emaitea bi arroltze kuxkian.

OSTALERSA: Oi, zen zorigaitzeko eguna dudan hau! eta preseski erran dautzut eta madama zertako ez nuen arroltze bakhar bat etxean.

M.ª MENDIGORRY: Booh! deus ez duzu eskas eta galdegiten dautzut gauzetan den xinpleena eta hura ez duzu. Ori, banoa etxerat (Atheratzeran egiten du).

OSTALERSA: (Geldiarazten du eskuak juntatuz). Othoi, othoi, madama, igurikazu, istant bat, ikhusiko duzu zein laster izanen tudan (neskatoari) Janeta!

JANETA: Baantzut, etxeko andrea.

OSTALERSA: Zohaz, laster egizu Luxina ganat, eman dezan dotzena bat arroltze.

JANETA: Ori, preseski hemen doha hiriko alderat otharrea besoan.

OSTALERSA: (Luxinari besoaz kheinu eginik). Hunat, hunat, Luxina plazer badugu.

LUXINA: Zer plazer duzu, etxeko andrea?

OSTALERSA: Haurra, baitutzu arroltzeak saltzeko?

LUXINA: Bai eta freskoak eta ederrak, orai banindohan hirirat saltzerat, han eginen dut hamasei sos dotzena.

OSTALERSA: Hox, hox, espantu handi! ez dakin ni ere pratika naizela, eta nihun ibili gabe hemen bethi saltzen tunala? emaitzan sobana eta guziak hartzen tinat.

LUXINA: Ez zautzu bada konzienzia niri horrenbertze galaraztia, uste duzu naski nik kitorik ditudala.

OSTALERSA: Hox, eman otharre hori, khondatzen daunat dirua.

LUXINA: Bethi zuk nahi duzuna egin behar dut; eta ez duzu hemen khondu osoa.

OSTALERSA: Khonda, khonda onxa, ikhusiko dun ez dunala deusik eskas.

LUXINA: Otsuak jan bazintza!... merkegi sal eta oraino zenbait sos eskas!... bekhatu gorri da zurekin tratu egitea.

M.ª MENDIGORRY: Nungoa zare ene haurra?

LUXINA: Borda gorrikoa, andrea.

M.ª MENDIGORRY: Badakizu nun den gure etxea?

LUXINA: Segurki, andrea, zure jauregia ez dakit bada nun den?

M.ª MENDIGORRY: Zohaz beraz eta errozu ene filleari ez naizela etxerako eguardi arte; eta datorla ene bilha. Utz zazu hemen zure otharrea.

LUXINA: Gogotik, andrea (badoha).

M.ª MENDIGORRY: Zatozte laster biak, pagatuko zaitut ongi.

LUXINA: Bai andre.

OSTALERSA: Orai kuxian erreko dira arroltzeak, madama; ongi pena dut zu hainbertze igurikiaraztea, bainan orai aski da ehunen khondatzeko artea.

M.ª MENDIGORRY: Zaude, erakuts aitzu niri arroltzeak, neronek hautatu nahi tut.

OSTALERSA: Huna non diren, madama, hautatzu nahi tutzunak.

M.ª MENDIGORRY: (Hautatzentu biga eta dio) Ori, horiek erre edo egostzatzu, bainan laster, gosetua naiz.

OSTALERSA: Bai, madama, zerbitkatua zare istantean (Janetak ematen du mahaina behartuen guziekin). (Ostalersa heldu da bi arroltzeak plat batean eta dio)

        Yar zaite horxet, madama eta yan kazu; segur ez duzu goizegi.

M.ª MENDIGORRY: (Hausten du arroltze bat eta dio): Ah! gaizoa, utzi tutzu sobraxet erretzerat (hautsi duenean bothatzen du plateran). Oh! fa! zer arroltze dire hauk? beira zurda bat badu barnean.

OSTALERSA: Ez da posible, madama.

M.ª MENDIGORRY: (Lunetak emanik behatzen dio) Ol zerua! zer erran nahi da hau! Nola miraikulu horratu da zurda hori? hea ikhus bertzea.

M.ª MENDIGORRY: (Hausten du bigarrena) beha! hor ere bertze bat nundik athera ditutzu arroltze gisa hauk!

OSTALERSA: Ayei! ayei! ni zeren ikhusteko sorthua naiz mundu huntarat! ...

M.ª MENDIGORRY: (Otharretik atheratzen du hirurgarren arroltzea eta ematen dio Ostalersari) Ori, hautsazu oraino hori.

OSTALERSA: (Hausten du plat batean) ah! mila miluinen bisaia! hemen ere zurda!... zer da hau bertzerik baizen sorginen lana? Errazu gero ez dela behar izan holako sinhesterik; datorla, datorla, Jaun erretora niri erraiterat ez dela sorginik. San Thomasek berak ere sinhes lezake hau ikhusirik.

M.ª MENDIGORRY: Guziak gatik gosea bainaiz, yan behar tut erre ditutzun horiek, zurda khendu eta.

OSTALERSA: Madama, beldur naiz! nik ez nezake deusetan ere yan horietarik.

M.ª MENDIGORRY: Bego ene gain hori; uruski Jainkoak ez daut eman zuri bekain izpiritu ttipia. Ni hemendik athera gabe behar da misterio hau argitu. Ni naiz egun zure sorgina.

OSTALERSA: (Bere buruari sukalderat dohalarik) Balinba! ez da Madama hau bera sorgina!

LUXINA: (Heldu da fillea eta neskatoarekin, neskatoak baduela burdin saardea eskuan). Huna andrea, zure fillea eta neskatoa ere ethorri da laguntzerat.

M.ª MENDIGORRY: Ongi da, haurra, yar zaite hor instant bat.

XULI (FILLEA): Zer gerthatu kaitzu, madama? balinba deus gaixtorik. Khondatu dautet etxe hontan mirakuiluak gerthatzen direla eta gaixtoak ibiltzen direla. Othoi zato lehen bai lehen etxerat; neroni ethortzeko beldurrez ekharri dut Franxun lagun berak erranen dautzu zer derasaten bide hortan.

M.ª MENDIGORRY: (Irriz dagoela) Zer diote bada?

FRANXUN: Bai, madama, zuk irri egiten duzu, bainan diote sorginez hautatua dela etxe hau. Oilloak eta arroltzeak xarmatuak direla, hargatik ez zaitugu bakharrik utziko, eta zuri deusik egin nahiko duenik yakinen tu ene burdin saardearen berriak.

M.ª MENDIGORRY: Allo, allo, holako enuxenkeriak utzi niri; badakizue ez zaizkidala sobrarik gisa; yar zaitezte hor eta ene ustez komedia ttipi bat behar dugu ikhusi.

XULI: Ayei ayei, madame, zer othe da? izitzen naiz!

FRANXOUN: Zaude trankil, Xuli, harma hunekin ez niz ez sorginen, ez debruen beldur.

FILLEA: Ni segurago naiz habitua eta arrosorioarekin, zure burdin saardearekin; deus guti litake hori debruaren kontra.

FRANXUN: Hargatik hobe dugu zeinatzea, egia diozu.

OSTALERSA: (Heldu da sukaldetik eta Luxina ikhusten du; erraiten dio): Erran, erran, malurusa, nundik ditun arroltze madarikatu hauk?

LUXINA: Eta zer dute?

M.ª MENDIGORRY: Andre Ostalersa, zaude othoi ixilik eta geldirik istant bat; enekin behar da andrexea hau mintzatu, enekin du egitekoa oraikotik. (Luxina lotsatzen da).

OSTALERSA: Horren gazterik haur tzar hau sorginekin da naski.

LUXINA: Zu zira sorgina izaitekotz eta ez ni.

OSTALERSA: (Makil bat harturik badohako) Ago istant bat, inpertinenta.

M.ª MENDIGORRY: (Makila khentzen dio) Erran dautzut eta erraiten dautzut egoiteko ixilik eta geldirik, nik eginen dudala behar dena.

        (Luxina besotik hartzen du) Erran niri orai nundik ditunan arroltze hauk.

LUXINA: Zer da bada? nik neure ustez arroltze onak ekharri tut.

OSTALERSA: Bai, zenbait sorgini harturikako arroltzeak.

M.ª MENDIGORRY: Asa, bazauzke nonbait ixilik utzirik sorgin solas bitzi horiek, bertzeinaz ikhusiko duzu zehoni karela sorgina.

OSTALERSA: Madama, estonatzen nauzu; zer erran nahi zinuke?

M.ª MENDIGORRY: (Luxina makilaz mehatxatzen duela) Gastagin txarra, arroltze hauk ebatsi tun, bazakinat segurki bainan behar dun orai hemen hiaurk aithortu, bertzeinaz karotsa aldi eder bat segur dun. Erran fite nun hartu ditunan.

LUXINA: (Nigarrez) Ayei! ayei! sekulakotz galdua naiz! Aaah! aaah! aaah!

M.ª MENDIGORRY: Nahi dun erran fite nun hartu ditunan! bertzeinaz hasten nun.

LUXINA: (Bethi nigarrez) Ez da egia bezalakorik. Hor, etxe huntako oillategian.

OSTALERSA: Bada posible! lephua bihurtu behar diot!

M.ª MENDIGORRY: (Ostalersa gibelarat phusatuz) Emekixe, emekixe, ez dautzut bada erran utz nezazun ni, behar denaren egiterat? (Luxinari) Erran, galdu, txarra, nola hartu ditun oillategia gakhotz delarik?

LUXINA: Gakho heineko bat hatxemanik! (belhaunikatzen da) Bainan, othoi, othoi, barkha! ez dut berriz eginen sekulan eta guziak erreparatuko ditut.

OSTALERSA: Infame atrebitua! niri arroltzeak ebats eta nihauri sal! preso, preso! Janeta, habil jandarmaketa.

M.ª MENDIGORRY: Apazea zaite, apazea zaite; ni kargatzen naiz hunen gaztigatzeaz.

OSTALERSA: Eta arroltze horiek, ene oilluak erronak badira, beraz ene oillo guziak sorginez xarmatuak dira? Ah! zer ikhusi behar dut?

M.ª MENDIGORRY: Emazte bitxia, zaude ixilik zure sorginekin; hemen ez da sorginik zure izpirituan baizik. Huna zer gerthatu den: Ene artzaintza Marion, ethorri zaut herenegun desolatua erraiterat zer galdegin zinioen eta zer hitzemen zautzun, eta lagun nezan arroltze ohoinaren hatxemaiteko zerbaiten phentsatzen. Orduan bildu ditugu ahal tugun arroltzeak eta orhatz mehe batekin pollikitto xilatuz, zurda fin bat sarthu dugu arroltze bakhotxaren barnean. Bagindakien nori erosten zintuen arroltzeak eta esperantka ginduen hatxemanen ginduela zure ohoina eta ez gare tronpatu, ikhusten duzun bezala, arroltzetto horiek zure kafian eman baiginituen.

OSTALERSA: Beha! Beha! nork erranen zuen?

FILLEAK: Bego bethi yende eskolatua; ez dituzte errexki enganatuko. Haur txarra horren gaztea eta ya galdua!

FRANXUN: Eta nork erranen du bere aire mituxa ikhusi eta, holako barnea duela; nori fida egungo egunean?

FILLEA: Ni, zu banintz, madame, utz nezake zenbait egunez itkalean exenplu baten egiteko.

M.ª MENDIGORRY: Hox, haur hau oraino gaztea baita, esperantka dut lekzione hunek on handia eginen dioela; bertzeak bertze presondegiak nihor guti ontzen du. (Luxinari) Erran beraz, zeru lurren aintzinean, hitz emaiten dun hemendik aintzina ongi gobernatuko haizela?

LUXINA: Bai andre, segur hemendik aitzina lanean ariko naiz eta ene bizia onheski irabaziko dut, eta ene zor guziak pagatuko ditut andre Ostalersaren alderat.

M.ª MENDIGORRY: Habil bihar berean konfesatzerat eta konberti hadi, zinez nik khasu eginen dinat hire konduitari eta itzultzen bahiz lehengo urhatsetarat, enekin mintzatuko haiz.

OSTALERSA: Bizkitartean ni ez naiz hola sobrarik kontent.

M.ª MENDIGORRY: Andre Ostalersa, ene ustez Jainkoak baduke zuri ere zer barkha. Examina kazu zure konzienzia ikhusiko duzu ez zarela soberarik leyala Jainkoaren zerbitzuari eta zure ostatuko eginbideere. Diote ez garela maiz hurbiltzen sakramenduetarat. Sinhesten banauzu, egizu zuk ere konfesio on bat eta zuk barkhatzen baititutzu bertzer beren hobenak, Jainkoak zuri ere barkhatuko dauzkitzu zure bekhatuak.

OSTALERSA: Hox, barkhatzen diot beraz eta milesker, madame, zure konseiluez, ahalaz segituko ditut.

LUXINA: Mila esker, andre Ostalersa, ikhusiko duzu ez kautzula urrikituko.

JANETA: Hobe segur, gure etxeko andrea konberthitzen bada; ni ere oraitik juanen naiz errexkiago elizarat orai arte bezain bat erran aditu gabe.

MARION: Agur etxeko andrea, hatxeman duzu beraz zure ohoina? ori, ori zure borts liberakoa. Jokoa hobekiago egiteko hartu dautzut, bainan ez segur atxikitzeko.

OSTALERSA: Ez dut segur hartuko, Marion, begira zazu zer nahi izanik, borts liberako hori egin duzun zerbitzuarentzat eta madamaren permisionearekin, zato igandean enekin bazkaltzerat; hartuko dugu berriz ere kafea bere ondoko ttottarekin.

MARION: Mila esker, andrea, ez segur errefusatzeko.

FRANXUN: Horra beraz non ditugun gure sorginak eta aztiak; madamek ederki argitu ditu guziak.

M.ª MENDIGORRY: Orai akhabatzean, hitz bat bakharrik. Ez izan izpiritua hain flako non sorginak eta aztiak ikhusten baitutzue gauza guzietan.

        Ez da sorginik debrua baizik eta harekin pakto egiten dutenak. Giristinoen artean, ez litake holakorik aiphatu behar ere; bertzalde egungoa egin dena bezala, finitzen dire istorio horiek oro. Luxina, kondatzen dinat hire hitzak atxikiko tunala, bai eta zuk ere, andre Ostalersa. -Agur beraz.

 

AZKENA

 

Arroltze ohoina, Jean Etxeberri
Egan, 3/4-1986