|
|
Lehenbizi egin behar dugun
gauza, hau da: Batera, iritzi batera etorri behar dugu guztiok ea zer den
teatroaren gaurkotasuna. Niri askotan pasatu zait eznaizela nire ingurukoen
egun berean bizi. Badirudi ni gaurko egunean bizi banaiz nire inguruko
asko atzoko egunean bizi direla, edo nire ingurukoak gaurko egunean bizi
badira ni biharko egunean bizi naizela.
Hitzaldi hauetan gaurko
teatroaz mintzatu behar da, nola erein teatroaren gaurkotasuna euskaldunen
artean. Eta gertatzen da gaurko euskal teatroa eztela gaurkoa, joan den
mendekoa baizik. Horretarako bildu gara hemen, zahartasun zipriztin hori
gure artetik behin eta betiko aldarazitzeko.Gure teatroa moralista da,
badirudi sermoi edo prediku bat entzuten dugula, euskal komedia bat ikusten
dugunean.
Hori da gure lehen akatsa.
Bigarrena hau da. Askotan esan da: Teatro txikia, baina gurea. Zergatik
sartuko gara txikitasun zeken batean, gauza haundiak egiteko kapaz garenean?
Teatroa egin dezakegu, eztago horretan inolako inposibilitaterik, eztago
horretan ezintasunik, zineman eta telebisioan dagoen bezala. Berdin kostatuko
zaigu ona egitea edo txarra egitea, teatro haundia egitea edo teatro txikia
egitea.
Beraz munduko teatroa estudiatu
behar dugu, bertan zer ongi dagoen ikasi, eta bide horretatik abia. Jakin
behar dugu nor den Ugo Betti, nor den Pirandello, nor den Williams, Miller,
Brecht, Becket eta Ionesco. Eta maisu hoetatik lezioak hartu.
Metodoak eta teatro egiteko bideak eta moduak asko aldatu dira azken
urte hauetan. Moda berri hoek ikasi behar ditugu, eta gure teatroan aplikatu.
Komedietan eta trajedietan
ikusten ditugun gauzak oso haltura gutxikoak dira. Horretan ere makal gabiltza.
Gaurko problemak atera behar ditugu, jenteak, euskaldun jenteak pentsa
dezan, gelditasun estatiko batean eztadin para. Teatroarekin bete ditzakegu
euskal kulturan dauden hutsune asko. Euskal kultura parti dezakegu euskaldunen
artean libersioarekin batera. Euskal kultura eta munduko kultura berriak,
bizitza molde berriak, pentsaera eta portaera berriak. Euskal kultura berriztatu
behar dugu, eta biderik egokiena, erraxena eta politena teatroa da.
Gabriel Arestik, 1962