Harrizko Aresti Hau (2)
 
Harrizko Aresti Hau (1) 
Harrizko Aresti Hau (3)
6. ALDATZ BEHERA
7. NI ETA NIK DIODANA
8. KONTADORE ETA POETA
9. BULEGARIA (1)
10. ZORROTZAKO PORTUAN ALDARRIKA
10. MALDIZIO BETIKOA
11. MUNDU MUNDUAN II
(Tabernan)
 
 
 
Harrizko Aresti Hau
Teatro Testuak
 
(Hemendik aurrera Aresti-pertsonaiarenak izango diren ezaugarriez jantzitako aktore bat agertzen da eta bertsoak kantatzeari ekiten dio.)

ALDATZ BEHERA
 
Urteak dira egon naizela 
Deadar eta aldarrika 
Euskal jendeak ez badu ere 
Izan neure beharrika 
Aldatz behera arin batean 
Balantza eta korrika 
Beti neketan trazatu nuen 
Haserrearen karrika 
Horregatikan merezia dut 
Hil nazatela harrika 
Etzakezue......
 
NI ETA NIK DIODANA   (Arestiren itxurako aktore ezberdinak esanda)

Herri honek ez nau ni kantore. Madarikatu nau.
Ene kantagaiez aspertu da eta ukatzen nau.
Ezer ez naiz, ez naiz ezer ezpada naizena.
Ni naiz naizena, bai, naizena, ez eznaizena.
Esan dut egia. Zigortu naute. Eta ez dut damu.
Ez naiz filologoa. Bakarrik kontadore poeta, Euskarak zoratu bat
Beti esanen dut egia. Nire ahotik ezta hitzik aterako egia eztenik.
Ezpainak apurtuko zaizkit, hortzak eroriko zaizkit,
mihina ebakiko didate, baina nik ez dut gezurrik esanen.
Ezer ez naiz, ez naiz ezer ezpada naizena.
Ni naiz naizena, bai, naizena, ez eznaizena.

Kristozalea naiz, bera gerra ekartzera etorri baitzen
eta bakeak Euskarari kalte egiten baitio.
Esanen dute hau poesia eztela.
Baina nik esanen diet poesia mailu bat dela.
Nire poesia oso merkea da.
 
Herriaren ahotik hartu nuen debalde
eta debalde ematen diot herriaren belarriari.

Hemen dago gizona, paper honetan dago, nago.
Nire hitza gizonaren parekoa izanen da.

Ez ezakezue poetarik asesina!
Ez ezakezue gizonaren ahoa tapa!
Ez ezakezue larrosarik bortxa!
Ez ezakezue Euskal mutilik desakra!
(Itxura berberako beste aktore batek)
Ez ezakezue Arestirengandik onik esan!!
Eta hau da, bai eta ez, orain eta beti eta lehen,
nik diodana,
ez naizena eta isiltzen dudana nire pentsamentuen graziaz eta birtutez.

Bai, naizena. Diodana.

KONTADORE ETA POETA   (Azkenengo aktore berberak)
 
Erdal eskolan ez baitzeutaten lizentzirikan eman, 
euskal eskola debekatuan hartu nuen hehar zena: 
Euskal Herria, Mundu Munduan, Justizia Txistulari...... 
Honela, lizentziatuaren gradua alkanzaturik, 
etxera alaben ogia manera prestu batean ekar nezan. 
Baina alferrik izan da ene ahalegina, 
munduak ezpaitu poetarik nahi, 
eta kontadurian barrena sarturik, 
bertara bortxaturik, 
ez dut izan nahi kontadore eta poeta batera. 
Horregatik, su haundi batean, 
neure lizentziak, neure botereak erretzen ditut. 
Gizon libre bat izatea ez baitaute permititu, 
izan nadin, behintzat, animalia zoriontsu bat. 
Bulegaria
 (Geldi-geldirik geratzen da aktore hau eta beste bat agertzen da: bulegaria.)
 
BULEGARIA (1)

Bulegaria.- Kontu-liburuetan idatziriko numero bakoitzagatik bertso bateko puntu bat modutzen dut. Minutu bakoitzean numero bi eskribitzen ditut, beraz, puntu bi nire paperetan. Nola orduak hirurogei minutu dituen, 120 puntu eskribitzen ditut ordu bakoitzean eta egunean 1440 puntu. Urtean 300 egun egiten dut lan; horregatik urtean 432.000 puntu eskribitzen ditut. Urteak .joan eta urteak etorri 50 urte beteko ditut of'izinan Honela nire bizitzan 14.256.000 puntu eskribituko ditut.Puntu guztiak launaka bilduko ditut bertsoetan, bertsoak ehunaka kantuetan, kantuak hamarnaka liburuetan.
Honela nire bizitzan 3.584 liburu idatziko ditut.

(Bulegoko ugazaba agertzen da eta erreierta egiten dio)

Ugazaba.-   Jakin dut nola dagoen gure artean pizti hamorratu bat, ama zantar batek sorturiko hilobi formagabe bat, bertsoak eskribitzeko ausartzia hartzen duena.

Aresti (geldirik zegoen aktorea).- Ez, ez, ez nago konforme. ENTZUN NAHI DIDANARI...esan behar diot ez nagoela konforme....nire protesta presentatu behar dudala, gizonaren alde nagoela. Nik ez dut gauzarik asmatzen. Diodana egia da eta ez naiz taktikazalea. Euskara Bilboko portuan ikasi dut, urdaiazpiko frijitua jaten nuenean, kafesne koñakatua edaten nuenean. Seguru nago gizona ere nire alde dagoela. Eta inork entzun nahi ez badit, berdin dit!, esanen diot hiriari, izarrari, zeruari....

(Eszenatokitik irteten da eta off-ean entzuten da:

ZORROTZAKO PORTUAN ALDARRIKA

Aleman barkua atrakatu da Zorrotzan.
Zimentua dakar,
ehun kiloko sakuetan.
Bienbitartean,
Anton eta Gilen zeuden zerrarekin
tronko ura erdibitzen
sokarekin....
eztago kablerik....
Bestela....
Tira eta tira.

Orain Anton,
gero Gilen,
ez naiz hilen,
Gilen.
Hemen euskeraz
eta han erderaz.
Birau egiten zuten.
Oker bideak ez paidaki mintzairarik,
berdin tratatzen baitu
erdalduna
eta euskalduna.
Arbolaren neurriak hartu nituen.
Antiojuak bustitzen zitzaizkidan.
(Amak gauean pentsatuko zuen errekara erori nintzela)
Eta esan nuen: Beti paratuko naiz gizonaren alde.

Gilen. Anton.

(Off-a amaitatzean Oskorri hasten da jotzen)

MALDIZIO BETIKOA (Bartzelonako estudianteei)

Zuei,
Bartzelonako euskaldun
Unibertsidade mutilok,
Egian dioxuet,
Zuen artetik batek
Baldin eta esplotatzen badu,
Hemendik hamar edo hiru urtera,
Beraren anaia
Obrero
Edo kondadorea
Hori,
Zuen arteko hori
Nire maldiziorik borobilenarekin
Hornituko dudala
Sikula-sikulorum
Mundu honetako
Puta
Semerik
Semeena
Bezala.
 

MUNDU MUNDUAN II
 
TABERNA  

Hernando.-  Egun on, Tereza. Ongi egin duzu lo? 

Tereza.-  Gaur ez. 

Hernando.-  Zer gertatzen zaizu, bada? 

Tereza.-  Nire problemak dauzkat. 

Hernando.-  Lo-galeak kentzen badizkizute, handiak izanen dira. 

Tereza.-   Ez dizu inporta. 

Hernando.-  Konta zaidazu, arren. 

Mundu-munduan
Tereza.-   Zer?

Hernando.-  Gertatzen zaizuna.

Tereza.-   Jangela garbitu behar dut. Ugazaba, bestela, nirekin hasarratuko da.

Hernando.-  Lagundu eginen dizut, arinago buka dezazun.(...) Noiz ezkonduko zara?

Tereza.-   Norekin ez daukat.

Hernando.-  Bai, badaukazu.

Tereza.-  Bai?

Hernando.-  Nirekin ezkon zaitez.

Tereza.-   Eta zer eskeiniko didazu trukean? Etxola bat Oilarganen?

Hernando.- Dirua irabazten jakinen dut.

Tereza.-   Eta ikasten duzun bitartean, nola mantenduko nauzu? Zu bizi zaren etxola hori zure jabetasuneko balitz, sikeran ere...baina alokatua zaude bertan.

Hernando.-  Ostatu berria topatu dut Kantarranasen.

Tereza.-   Zartaginak esan zion pertzari...

Hernando.-  Gainera bi enplegu berri eskeini dizkidate...

Tereza.-   Bata Bizkaiko Banketxean zuzendari eta bestea Apezkiku jaunaren ondasunen kontadore, ez da?

Hernando.-  Ez da hainbesterako baina dexente xamarrak dira biak.

Tereza.-  Eta zer dira?

Hernando.-  Bata Arriagako kafetetxean zapata-garbitzaile.

Tereza.-   Bai etorkizun oneko ofizioa! Eta bestea?

Hernando.-  Andere dotoreen etxe baten atezai. Hau ez da nire atseginekoa, mozkorti askorekin tratatu beharko bait nuke, baina uniformea pagatuko didate. Honela nire lanorduetan ez dut nire arroparik gastatuko.

Tereza.-   Eta uniformea, ze klasetakoa izanen da, almirantearena ala abiaziako jeneralarena?

Hernando.-  Ez dakit, baina oso dotorea. Bixerako txanoa eta guzti.

Tereza.-   Hernando, entzuidazu; nik asko estimatzen zaitut, baina zu zu ez zara gizon aproposa. Leitzen ere ez dakizu. Zurekin ez naiz sekula ezkonduko!

Hernando.-  Orduan sabelean daramazun haurrari nola bilatuko diozu aita bat?

Tereza.-   Zantarra! Zakarra! Zipristina! Sugearen mihia! Zapoaren ahoa! Nundik atera duzu zuk hori, irain likits hori? Zertarako asmatzen duzu gezur zikin eta ezain hori? Bilagua! Doilorra! Etoia!

Hernando.-  Egia da. Ongi dakizu. Nolazko tripa daukazun ikusi besterik dago. Ez nago itsurik. Trebea izan zara, Tereza, zure ernaria hain ongi ezkutatzeko. Zure gerri ezurrak apurtu behar izan dituzu kortsetearen indarrez. Haurra itorik jaiotzen ez baldin bada, miraria izanen da.

Tereza.-   Hobe hilik jaiotzen bada, eta hobe haurra egiten dudanean nik ere harekin arima entregatzen badut. Hobe, bai, hobe izanen da niretzat eta haurrarentzat.

Hernando.-  Trankil zaitez, Tereza.

Tereza.-   Batzuek oro daukate eta beste asko ez gara gorputzaren jabe ere. Gaur egunean ohorea eta dirua batera doaz. Zer izanen da nitaz?

Hernando.-  Non dago beraren aita?

Tereza.-   Ez dizut esanen.

Hernando.-  Badakit, Tereza,

Tereza.-   Ez dakizu.

Hernando.-  Lehen esan dizut, Tereza, itsurik ez nagoela. Zer pentsatzen duzu? Ez dudala milatan gure ugazabaren seme maitea zure gelan sartzen sentitu? Milatan hilen nuen nire esku biluziekin! Baina itxaroten jakin dut eta azkenean nire orduak jo du!

Tereza.-   Horrekin zer esan nahi duzu?

Hernando.-  Gure ugazabaren semea ezkondurik dagoela. Joseperen egoera larria da. Emaztea enteratzen baldin bada, ez du aurrerantzean bizimodu trankilik edukiko. Aita ere lege zaharrekoa da, eta gaurko gazteria zoroaren bekatuok ez ditu begi onekin ikusten. Joseperekin entendituko gara. Besteekin konponketarik ez dago. Guk gurea salbatuko dugu eta Josepek ere berea salbatuko du.

Tereza.-   Baina zergatik diozu “gu”, Hernando? Hau ez da zure gauza!

Hernando.-  Seguru zaude? Begira, zure haurra aitarik gabe jaiotzen baldin bada, beraren aita nor den mundu guztiak jakinen du. Orduko eskandaloa ez da munduko diru guztiarekin isilduko.

Tereza.-   Eta?

Hernando.-  Senar bat bilatu behar duzu lehenbait-lehen. Eta senar horren papera jokatzeko, ni baino egokiagorik nor aurkituko duzu?

Tereza.-   Joan zaitez ilargira!

Hernando.-  Ni baino senar leialagorik ez duzu inon kausituko, Tereza.

Tereza.-  Munduko gizonik azkena bazina ez nintzake zurekin ere ezkonduko. Aker bati entregatuko nioke nire gorputza zuri baino lehen. Entzuten duzu? Aker bati.

Hernando.-  Tereza!

(Josepe sartzen da)

Josepe.-  Zer gertatzen da hemen?

Hernando.-  Zure gauzak konpontzen gaude.

Josepe.-  Eta niri konpontzen uzten badizkidazu, zer deritzazu?

Hernando.-  Guztien kontentuko konponketa bat bilatuko duzula, bai.

Josepe.-  Orain, beraz, goiko jantokira.

Hernando.-  Bai, jauna. (badoa)

Josepe.-  Hernandok esan duen guztia entzun dut, Tereza.

Tereza.-   Bai, Josepe?

Josepe.-  Ez didazu esan haur bat izanen duzula.

Tereza.-   Lotsa nintzen.

Josepe.-  Ez da nirea izanen?.

Tereza.-   Zeu zaitu aita, Josepe.

Josepe.-  Nirekin baino beste inorekin traturik izan ez duzula esanen didazu?

Tereza.-   Ongi dakizu. Ez dakit nola horren gainean dudarik egin dezakezun.

Josepe.-  Bati entregatzen zaiona, askori entrega lekidioke. Leialtasunik ez didazu zinegin. Nik ez zaitut inoiz enganatu.

Tereza.-   Eta maitatzen ninduzula, zergatik esaten zenidan niri, beraz?

Josepe.-  Maitatzen zintudan orduan, eta maitatzen zaitut orain ere, Tereza.

Tereza.-   Baina nola esan dezakezu hori? Beraz, zergatik beste batekin ezkondu zinen zu, Josepe?

Josepe.-  Utz dezagun hori! Nire aitak ez dauka zergatik gure amodioaz entera. Nire emazteak hau jakiten baldin badu, nirekin apurtuko du, batez ere orain, bigarren haur batez erditzeko puntuan dagoela.

Tereza.-   Eta zer?

Josepe.-  Senar bat bilatu behar dugu.

Tereza.-   Ez, Josepe, ez naiz ezkonduko. Mutxurdin geratuko naiz

Josepe.-  Eta zer nahi duzu?

Tereza.-   Zure emazteagandik separa zaitez. Zuk zure izenean nahikoa diru eduki behar duzu. Diru horrekin taberna on bat jarriko dugu Donostian.

Josepe.- Zure amodioa zergatik saldu nahi duzu?

Tereza.-   Nire azken hitza da, Josepe. Esaidazu: bai ala ez.
 
Josepe.-  Ez

Tereza.-  Zer eginen dudan ez dakit. Errekara jaurtikiko dut nere burua. Honela ez dut desonra hau sufrituko.

Josepe.-  Holakorik ez duzu sekula eginen. Hernando!

Hernando.-  (Behetik) Bai, jauna?

Josepe.-  Tereza, entzuidazu. Ezkondu eginen zara. Hernandorekin. Hernandok hain ongi esan duen bezala, beste konponketarik ez dago. Orain gora igoko zara, Hernandorekin mintzatu behar bait dut.

Tereza.-   Zuk zernahi esanen duzu, baina ni ez naiz ez Hernandorekin ez beste inorekin ezkonduko.

Josepe.-  Joan zaitez gorantza:

Tereza.-   Maitatu zaitut orain artean, Josepe, baina orain ez zaitut maitatzen, higuindu egiten zaitut. Zu higuintzen zaitut, eta zure aurpegia, eta zure izena, eta zure oroitzapen madarikatua. Eta zure etxea higuintzen dut, eta zure emaztea, eta andre horrekin eduki dituzun haurrak. Zurekin ohean igaran ditudan gauak higuintzen ditut, eta zu gabe igaran ditudan egunak, eta zu ezagutu zintudan eguna eta ni jaio nintzen eguna. Nire denporako egun eta gau guztiak higuintzen ditut, eta zuk eman didazun haurra, eta emanen ez didazun senarra. Eta batez ere nire burua higuintzen dut. Madarikatuak izan gaitezen biok. Zu, eta ni, eta mundua, eta jainkoa, amen!

Josepe.-  (Hernandori) Andreak honelakoak dira. Kasorik ez zaie egin behar, bestela galdurik gaude gizonak.

Hernando.-  Bai, jauna.

Josepe.-  Zu, Hernando, non bizi zara?

Hernando.-  Oilarganeko etxola batean, jauna.

Josepe.-  Aurrerantzean Santutxuko bizileku eder hatean biziko zara. Lau gela, eskaratza eta komun dotorea.

Hernando.-  Oso ederki, jauna.

Josepe.-  Taberna bat jarri nahi dut Santutxun

Hernando.-  Banekien, jauna.

Josepe.-  Haren kargoa eramanen duzu.

Hernando.-  Bai, jauna.

Josepe.-  Irabaziak erdi bana

Hernando.-  Ederki, jauna.

Josepe.-  Terezarekin ezkonduko zara.

Hernando.-  Zuk atsegin baduzu, bai jauna.

Josepe.-  Ze kondiziotan badakizu?

Hernando.-  Nahi dituzun kondiziotan, jauna.

Josepe.-  Zure etxe berrian niretzako logela bat egonen da.

Hernando.-  Bai jauna.

Josepe.-  Gastuak erdi bana.

Hernando.-  Ederki, jauna.

Josepe.-  Ongi konpreniturik dago?

Hernando.-  Bai, jauna.

Josepe.-  Konforme, beraz, Hernando?

Hernando.-  Akort, jauna.

Josepe.-  Zaldunaren hitza?

Hernando.-  Bizkaitarraren hitza.

Josepe.-  Trato hau jerez zuri kopatxo batekin ospatu bahar dugu. Zer duzu nahiago, Tio Pepe, La Ina ala La Guita?

Hernando.-  Barka zazu, jauna, baina ez duzu errearen usainik egiten?

Josepe.-  Bai...

Hernando.-  Behetik dator usaina...

Josepe.-  Su-hiltzaileei dei zaiezu, Hernando. (Terezari) Ze demonio egin duzu zoro horrek? Etxe guztia erre duzu, sorgin madarikatua! Hil eginen zaitut!

(Josepe badoa Tereza lurrean jipoiturik utzita)

Harrizko Aresti Hau (1)
Harrizko Aresti Hau (3)

Harrizko Aresti Hau
Teatro Testuak