Harrizko Aresti Hau (1)
 

Harrizko Aresti Hau (2)
Harrizko Aresti Hau (3)

1. Ez zazue tapa gizonaren ahoa
2. “KAIO LUMA ZIKINA”
3. OIÑAZ ETA GANBOA
4. MUNDU MUNDUAN (I)
(Joko Arriskutsuak) 
 
Harrizko Aresti Hau
Teatro Testuak
Maskarada
 
 
Arestiren ahotsa OFFean entzuten da 
(Hernaniko hitzaldia) 
 

“Baina ez zazue, 
baina ez zazue, 
baina ez zazue, 
ez zazue tapa 
gizonaren ahoa. 

Hicaz
Zerbica dadin.
Honela kompreni
Dezazuen
Zertarako
Jaiocen den
Mundura.
Ez,
ez zazue tapa
gizonaren ahoa.
Baina geroago, nire ahoa haundiegia zelako, edo heuren eskuak eta mordazak tipiegiak zirelako, ez ninduten isilarazi. Batzuek niregan sinetsi zuten, eta nire “Harri eta Herri” agertu zen; bertan nire olerki bakan batzuk atera ziren argitara. Gehienak etxean geratu ziren gordeta, gainerako guztiak; baina atera zen apurra nahikoa zen, eta harriak ere enteratu ziren Bilbaon poeta ero bat bizi zala.”

(Oskorri taldeak “Kaio luma zikina” izeneko kanta kantatuz hasten da ikuskizuna)
 
“KAIO LUMA ZIKINA”

Hibaizabaleko kaioa
gabarra artean hazia
soineko luma zikin batez
garbi eskribatzen hasia.

Zuk hegatsaren poderioz
iraulitako liburua
berriz zimeltzen baldin bada
iluntzen zaigu asturua.

Hauxe denboraren luzea
bi mila gau zu goza gabe,
ur freskoen iturburua,
sorginen hitz guztien jabe.
 
OIÑAZ ETA GANBOA

(Hitzalak eta diapositibak: Zaldun bi burrukan gatazka ondorengo paisaje kaotiko batetan: leherketak, kea, hildakoak, oihal apurtuak, e.a. Ganboa, txikia eta zauritua, Oiñaz-ek, bere etsai erraldoiak, mendean ez hartzeko ahaleginetan dihardu.)
(“Oiñaz eta Ganboa” kanta jotzen du Oskorri-k)
 
Oiñaz eta Ganboaren 
Erreierta handia 
ikusirik lur zelaia 
jota dago mendia 
su gabe dago zuzia, 
su gabe ilendia 
seinale gertuagorik 
esazue non dia? 
Oinaz eta Ganboa
Mondragoe hartu dute
oiñaztarrek traizioz
gero salduko Bizkaia
urrearen prezioz
ezagutuko baitira
Judasen ofizioz
Euskalerria beteko
tatxaz eta bizioz
(......)
Oraindik hementxe gaude
Oiñaz eta Ganboa
Oiñaz zaldunaren pean
Ganboa naiz mandoa
Gure gorroto bizia
ez baita aurtengoa
Gure arrazoi guztia
aserrez omen doa

Bost-ehun urtean egon
gara justizi-eske
Baina sua eta ura
ezin nastu ditezke
Irakin edo amata
ez dago ezer beste
Inork ez dezala esan:
adiskide zaitezte.
 

(Oiñaz-ek ustekabean hartzen du Ganboa eta izugarrizko kolpeak ematen dizkio ezpataz. Ganboak, hasieran, eskutoarekin eta armadurarekin gelditzen ditu kolpeak. Azkenez, oihu izugarria botatzen du.)
 
 
MUNDU MUNDUAN (I)

(Ikuskizun honetan Arestiren Mundu Munduan nobela-antzezlanaren laburpen antzeko bat aurkezten da. Jatorrizko bertsioa espektakulo honetan luzeegia zitekeelarik, hiru zatitan banatzen da obraren pasarte esanguratsuenekin)

JOKO ARRISKUTSUAK 
 
Petri Motz.  Nire aitonak azken karlistadan burrukatu zuen. 

Eztebe. Euskaldunen alde ala gaztelarren alde? 

Petri Motz.  Ez dakit. Txapel gorria omen zeraman. 

Josepe.  Orduan oiloen alde burrukatu zuen. Oilar baten antza edukiko zuen. 

Petri Motz.  Zure aitonak ahate bat zirudien. Zure aitak kuku bat eta zuk sagu bat. 

Jolas Arriskugarriak - Mundu munduan
Josepe.  Muturrak apurtu behar dizkizut.

Petri Motz.  Zuk niri?

Josepe.  Bai.

Petri Motz.  Ze eskurekin? Ezkerrekoarekin, eskumakoarekin ala erdikoarekin?

Josepe.  Zuk ez duzu indarrik!

Petri Motz.  Zure etxean karabantzu ustelak jaten dituzue.

Josepe.  Eta zurean eztiaren ordez, kaka.

Petri Motz.  Zurean arnoaren ordez, txiza.

Eztebe.  Elkar jo nahi baduzue, ni izanen naiz juez.

(bi neskato agertzen dira)

Eztebe.  Joka dezagun!

Joana.   Aitamak izan gaitezen

Josepe.  Aspergarria da joko hori!

Tereza.  Egarri naiz!

Josepe.  Nik esan dezadan jokuan eginen dugu!

Petri Motz.  Nik ez.

Josepe. Orduan ez duzu gurekin jokatuko.

Petri Motz. Nahi dudanarekin .jokatuko dut.

Josepe. Bai zera!

Tereza.  Egarri naiz!

Joana.   Bazkari gezurrezkoak egin ditzagun!

Petri Motz. Ez

Eztebe.  Ez.

Josepe. Aspergarria da joko hori.

Joana.    Eta merkatura doazen neskameak?

Josepe. Aspergarria da joko hori.

Joana.   Niri gustatzen zait.

Josepe. Zuk ez dakizu ezer.

Joana.    Motza zara zu, Josepe itsusi hori. Petri baino motzago. Ez zaitut maite.

Tereza.  Egarri naiz.

Josepe. Zu sorgin bat zara.

Joana.   (negarrez) Eta zu txakur itsusi bat!

Josepe. Negar egizu, zurekin ez bait naiz ezkonduko!

Joana.    Eta nork esan dizu zurekin ezkondu nahi dudala?

Josepe. Txoritxo batek, baina zurekin ez naiz ezkonduko. Negar egizu!

Eztebe.  Bakean utziozu nere arrebari! Bestela...

Tereza. Egarri naiz!

Josepe. Bestela?

Eztebe.  Etxera joanen gara.

Joana.   Eta bakarrik utziko zaitugu.

Petri Motz. Joka dezagun!

Josepe. Ez zait orain joko berririk bururatzen...Lapurrak eta goardiak?

Petri Motz. Ez.

Josepe. Piratak?

Eztebe.  Ez.

Petri Motz. Ez.

Josepe. Indioak eta blankoak orduan. Ni indio buruzagia izanen naiz, Zezen Adarduna. Eztebe nere gerra gizona izanen da, eta Tereza eta Joana gure herria izanen dira

Petri Motz.  Eta ni?

Josepe. Zu...Bufalo Bill. Preso hartuko zaitugu eta buruko biloak ebakiko dizkizut, arbola bati loturik zauden bitartean.

Petri Motz. Ez dut nahi!

Josepe.  Baina zergatik?

Petri Motz. Ez dut nahi.

Tereza. Egarri naiz.

Josepe. Espainiako historian bezala gertatuko da guztia. Ni Nafarroako erregea izanen naiz.

Petri Motz. Zergatik zu?

Eztebe.  Gauza atsegin eta polit guztiak tokatzen zaizkizu beti.

Josepe. Joko honek beste izen bat du.

Petri Motz.  Zein da?

Josepe. Erregea eta borreroa. Gainera kalifa bat dago. Kordobako kalifa turkoa. Ni erregea izanen naiz

Eztebe.  Baina Zergatik?

Josepe.  Bestela ez dudalako joku hau esplikatuko. Nire jokua da, nik asmatu dut. Erregea ni izanen naiz, bestela beste joku politago bat asma
zazue zuek!

Joana.   Konforme. Baina gu neskok, zer izanen gara?

Josepe.  Kalifaren emazte biak. Zuen izenak Fatima eta Zoraida izanen dira.

Joana.   Gizonek emazte bana dute.

Tereza.  Egarri naiz.

Josepe. Baina turkoek ehuna emazte dute. Hola entzun diot nire osabari. Bera Arabiako negro beltzekin bizi izan zen behin, eta nola ez du jakingo?

Joana.    Eta zer eginen dugu?

Josepe. Ba... ni erregea izanen naiz, eta zuek kalifaren emazteak. Petri borreroa eta Eztebe kalifa...edo aldrebes.

Petri Motz. Nola erabakiko dugu hori?

Eztebe.  Nor libertituko da gehien?

Josepe.  Harri bana har ezazue eta urrutien botatzen duena, hura izanen da kalifa, eta bestea borreroa.

Petri Motz. Bota zeuk!

Eztebe.  Ez zeuk!

Petri Motz. Orduan biok batera.

Eztebe.  (Petri Motz beranduago jaurtitzen du harria) Trampa! Trampa egin duzu!

Petri Motz. Neuk irabazi dut!

Eztebe.  Ez, neuk. Nire harria zurea baino hurrunago joan da.

Petri Motz. Gezurra! Nirea joan da hurrunago.

Eztebe.  Gezurra zeuk diozu.

Petri Motz.  Noren harria joan da hurrunago, Josepe?

Josepe.  Zurea, Petri.

Eztebe.  Gezurra da! Neurea. Ez da hala Tereza? Zuk zer diozu?

Tereza.  Egarri naiz.

Eztebe.  Noren harria joan da hurrunago, Joana?

Joana.    Petrirena.

Eztebe.  Berdin. Petri kalifa izan dadila. Ni borreroa izatearekin franko libertituko naiz.

Josepe. Lehenbizi, zuen zapata lokarriak kenduko dituzue eta haiekin soka luze bat eginen dugu.

Joana.    Zein polita! Borreroaren seinale izango da hori, ez da, Josepe?

Josepe. Ez. Soka lodi horrekin Kordobako Kalifa Turkoari eskuak lotuko dizkiogu.

Tereza.  Egarri naiz.

Joana.    Eta orain?

Petri Motz.  Gogorregi lotu nauzue. Min egiten didate kordelek!

Josepe.  Honela ez zara eskapatuko.

Eztebe.  Eta zer eginen dugu orain?

Josepe. Judizioa. Nik, Nafarroako Errege Antxo Nagusiak, Jainkoaren graziak ematen didan potereaz beztiturik, Kordobako Kalifa Miramamolin turko negro beltz kobardea, Toledoko gatazkalekuan preso hartu dudana, justiziaz juzgatuko dut.

Tereza.  Egarri naiz.

Josepe. Eta haren bidegabe guztiak ikusirik, kristau elizak ugari erre dituela ikusirik, monjak eta fraileak hil dituela ikusirik, kalizak eta santu aberatsak ebatsi dituela ikusirik, hiltzera kondenatzen dut. Fatima eta Zoraida, haren emazteak, Naxerako komentu batetan sartuko dira moja, Kristoren fedea besarkatu dezaten arte. Gero, nire semeekin ezkonduko dira, hain lore ederrak ezin gal ditezke alferrean.

Joana.   Zein ederra!

Tereza.  Egarri naiz.

Josepe. Orain hil dezagun. Zuk, Miramamolin negro madarikatua, hil baino lehen ezer esan nahi duzu? Esker hau egiten dizugu.

Petri Motz. Bai, zerbait esan nahi dut.

Josepe.  Esazu bada, hemendik Iruiñera oso bide luzea baita.

Petri Motz.  Zu, Nafarroako errege Antxo poterosoa, nire emazte Fatimarekin ezkonduko zara, baina gero nire emazte Zoraidaz enamoratuko zara. Kristauek emazte bana besterik ezin dukezuen bezala, kalterik franko etorriko zaizu hortik. Zure emazte lijitoak zuregandik alde egingo du, eta azkenean Zoraidaren sabelean zure eskuek hazirikako umetxoa hilen duzu, baita Zoraida bera ere, baina azken finean haren eta zure kulpak pagatuko dituzu. Hauek dira Miramolin profetaren hitzak. Hilobitik irtenen du nere arimak eta mundutik penatu eta erratu eginen da hitz hauek kunpli daitezen arte.

Joana.   Ene, Petri! Zein ederki!

Tereza.  Egarri naiz.

Josepe. Zure azken borondatea hala kumpli bedi! Orain hil dezagun! Borreroa, nire sententzia kumpli bedi!

Eztebe.  Barka zaidazu, Miramamolin Kalifa indartsua, baina ni borrero triste bat besterik ez naiz eta nire erregeari obeditu behar diot.

(Umeek Petri harrapatu eta amildegi batetik behera jaurtiko dute)
 
(OFF)   Ume denporan gauza zantarrik 
begiak etxok ikusten 
Neska mutiko eder guztiak 
Izen polita jeukien 
Iñok munduan erru bapere 
Etxok egungo arkituten 
Zantarkeria etxajoakun 
Begietan agertuten 
Jolas Arriskugarriak
Tereza.  Egarri naiz.

Joana.   Josepe.....

Josepe.  Bai?

Joana.   Joko hori ez zait gustatu.

Josepe. Zergatik?

Joana.   Deiadar izugarri hori...

Tereza.  Egarri naiz.

Joana.    Benetan hil dugu Petri?

Josepe.  Miramolin hil dugu

Joana.    Baina Miramolin Petri Motz zen.

Josepe. Txatxala! Hil, nagusiak egiten dira. Haurrak zerura joaten gara.

(Pederasta bat agertzen da arbolartean)

Pederasta.  Ez zaitezte bildur. Zuen laguna naiz ni. Aurpegi horiek alai itzazue. Karamelo bana nahi duzue?

Joana.    Zer nahi duzu?

Pederasta.  Zuekin jokatzen uzten didazue? Haurren jokuak asko gustatzen zaizkit. Haurrak ere asko gustatzen zaizkit. (Terezari) Nola duzu izena? Zer, mihia jan dizu katuak?

Tereza  Egarri naiz.

Pederasta.   Herrira itzultzen zarenean, baso limoi-ur freskoa edan zazu. Zertaz eros eduki dezazun, har zazu txakur handi bat. Baina zuek neskak, oso tristerik zaudete. Zergatik?

Joana.    Miramamolin hil da, baina Josepek haurrak zerura joaten garela dioen bezala, Petri ez da hil.

Pederasta.   Eta nor da Josepe?

Josepe.  Neu naiz.

Pederasta.   Eta zergatik hil duzue Miramamolin?

Eztebe.  Jokatzen geunden. Kristauak eta turkoak. Edo erregea eta borreroa. Baina azkenean ez da joko polita izan. Petri zerura joan da.

Pederasta.   Ez da egia izanen. Eta non dago Petri hori?

Josepe.  Zeruan

Joana.    Ez. Zilo horretan dago. Eta hil baldin ez bada, zergatik ez da hortik irteten?

Pederasta.   Zilo horretan? Amildegi horretan? (Bertara hurbiltzen da) Ene! Alafede! Zeruko Jauna! Mutiko urrikariari burua apurtu zaio! Baina zer egin duzuen badakizue?

Eztebe.  Guk ez dugu ezer egin, Jauna.

Pederasta.   Zer?

Josepe.  Zuk egin duzu!

Pederasta.   Itxaron apurtxu batean, horrera bait noa!

Eztebe.  Petri zuk hil duzula esanen diogu mundu guztiari.

Pederasta.    Harrapatzen bazaituet...!

Josepe.  Gizon errenak hil du Petri!

Eztebe.  Karameloak eman zizkigun gizonak hil du Petri!

Joana.   Haurrak gustatzen zaizkion gizonak hil du Petri!

Pederasta.   Zeruko Jauna! Sekula ez dut holakorik ikusi! Haurrak animalia basatiak baino basatiagoak dira. Nork sinets lezake holakorik? Nire denborako urteetan ez natzaio jadanik egungo ere haur bati hurbilduko, Aingeru serafin bat baino politagoa baldin bada ere.

Harrizko Aresti Hau (2)
Harrizko Aresti Hau (3)
Harrizko Aresti Hau
Teatro Testuak